XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IZARO GALDUA Il ziñan momentuan neu ez nengoen kanpañako dendan.

Gero bai, zeure ezpaiñ moretuetan eriotzaren ferekak igarri nebazanean, zeure biotzaren traizioa somatu neban.

Gabeko sutarako egurrak batzetik nentorren eta zeure biziaren ezaz konturatu nintzanean, zer egin ez nekiala, zoraturik lez, zeure lo egiteko zorroan sartu zindudazan eta urrunean Bermeoko argiak ikusten nebazalarik, lelengo aldiz, Izaroko ugartearen bakardadea neugan biziro sentidu neban.

Gernika aldetik, Mundaka lainopeko unetan bapore txiki keetsuak beren aratonatak egiten ebezan bitartean, irratiaren bidez, laguntza eskatzen saiatu nintzan.

Alperrik.

Ekaitza geure gaiñean egoan eta nire berbak iñork ez ebazan entzuten.

Bakarrik giñan, urrengo egunerarte gitxienez.

Irratigaillua itzaldurik, aizeak eta euriak neure arpegia laztantzen ebelarik, kanpañako dendan sartu nintzan eta zeure gorputzaren ondoan etzanda gelditu nintzan.

Lo zorroan sartuta, uraren ttanttak dendako sabaitik laprasten eben bitartean, geutaz gogoratu nintzan.

Izan be oin dala aste bi ona etorteko esan neutsunean, ez neban uste onelakorik gertatu lekikezunik.

Aspalditik zeu ikusi barik nenbillen, batez be emen desagertu ziñanetik.

Gero bai, bion lagunen bidez zeure barri izan neban beti.

Oroitzen naz geure lelengo jokaldiez, erriko plazan, pilotan... ondartzara joan-etorriak.

Eta gero Bilboko Kolejiora joan giñanean be, biok batera, ezezaguna genduan erri andi aretara.

Bilbon igarotako urte jasangaitz areik, mila eta mila bider errepikatutako ibilaldiak: mendira, dantzaldietara, kantaldietara... zeugan euskal sena biztu bazan, neugan be zerbait sortuarazo zeunstan, zeure parera eltzeko gai izan ez arren.

Koldartu nintzan, eta kanpoko unibersitate batera joan nintzanean neure izaeraz aztu nintzan, zuk, ordea, nigan sentimendua aultzen zan neurrian, gero eta sakonagoa zenduan.

Azkenean eurek kanpora eroan zinduezanean ekintza baten arduraduna ziñala esan ei eben eroaileak zure jarduera konprenitu neban.